Irailak 12an garagardo artisau azoka berezia antolatu dute Gaztañotarrek. Zintzilik irratiko kidea izan zen Gorka Telletxea eta bere anaia Jon omentzeko ekimena izango da hau, auzoko frontoian. Bazkari herrikoia izango da bertan ere, 14:00etan, txartelak salgai daude Reyna, Arkaitza eta Lekuzar tabernetan, irailak 7a arte. Hau da bidali diguten testua eta gonbidapena:
Artisau-garagardoen festa, irailaren 12an, Gorka Telletxearen eta Jon Telletxearen omenez.
2025eko irailaren 13a eta 2026ko martxoaren 2a egun latzak izan ziren Gaztaño aldean. Iraileko larunbat goiz hartan Gorka bizikletan ibiltzera joan zen, ia larunbatero egin ohi zuen moduan, baina ez zuen kilometro asko egiteko aukerarik izan, bihotzak betiko atseden hartu nahi izan baitzuen.
Aurtengo martxoan, berriz, eklipsea izan zen gau hartan, Jonek anaiaren bideari jarraitu zion, bere bihotzak ere atseden hartzea erabaki zuen-eta.
Bi anaiak izar artean egongo dira garagardo-pitxer bana eskuetan, eta haien omenez guk ere topa egin nahi genuke auzoan, telletxeatar anaiek hain gogoko zuten artisau-garagardoarekin.
Irailaren 12a aukeratu dugu horretarako, eta, Gaztañoko jai-batzordeko kideekin hitz egin ondoren, egun osoko festa antolatzea erabaki dugu. Inguruko garagardogileengana jo dugu, eta elkarlanerako prest daude; auzotarrak ere lanerako gertu, beti bezala; eta jende askoren borondatezko lanari esker, honako egitarau hau proposatu nahi dugu:
IRAILAK 12
EGITARAUA
12:00 GARAGARDO-FESTAREN HASIERA
12:30 TRIKITILARIAK
14:00 BAZKARIA
16:30 BENETAN musika-taldea
19:00 PEPPERMINT Sextet musika-taldea
20:00 PINTXOAK ETA BOKATAK bukatu arte
22:00 ZOZKETA eta bideoa
22:30 XIMAUR musika-taldea
24:00 AMAIERA
GARAGARDOGILEAK:
VERSUM ZAMPANO , BREWERY LAND, BIDASSOA, KANETA, OTSAIHEN.
Garagardogile bakoitzak hainbat garagardo mota ekarriko ditu, eta barran erositako edalontzian dastatu ahal izango
dira garagardoak, postuetan, garagardogileek erabakitako prezioan.
Eguerdian, bazkarirako, beste garagardo mota batzuk aterako ditugu eta, kasu horretan, bazkariko menuaren prezioan
sartuta daude edari horiek; era berean, ura, sagardoa eta besterik ere izango da bazkaritarako, garagardoa edan nahi ez
duenarentzat.
Bazkarirako txartelak irailaren 7ra arte egongo dira salgai Arkaitza, Reyna eta Leku Zaharra tabernetan.
Bazkalondoan, musika lasaia izango dugu BENETAN bikotearekin, baina arratsalde aldera mahaiak eta aulkiak jasoko ditugu,
oholtza gainean bestelako musika hasiko baita PEPPERMINT Sextet taldearekin.
Ilunabarrean bokatak eta hanburgesak afaltzeko aukera egongo da gaztañotarrei esker eta, 22:00etan, auzotarrek prestatutako bideo bat ikusi ondoren, zozketa egingo dugu; edalontzia erostean, zozketan parte hartzeko zenbaki bat ere jasoko dugu, eta saridunak artisau-garagardoen sorta ederra eramango du etxera.
Gauean ere ez da musikarik faltako Gaztañoko gunean, herriko XIMAUR taldearen eskutik. Horrela, bada, gauerdi alderako amaituko da festa, inguruko auzotarrei enbarazu handiegirik ez egitearren.
Eta, bukatzeko, eskerrak emateko baliatuko ditugu lerro hauek: gure eskerrik beroena egun osoko festa hau egia bihurtzen parte hartu duzuen guztioi; eskerrik asko Gaztañoko auzo-elkarteari eta jai-batzordeari, edozertarako prest beti; mila esker Udane Ansa Iragorriri, kartel eta logo ezin polittagoak sortzeagatik; eta esker mile bazkariko jakiak prestatuko dituzten Gaztelu ostatuko lagunei eta Ibon Appetit-i.
Telletxeatar anaia gazteenak, Jonek, askotan esaten zuen Gaztañon Maritxu Mozkor jai txikiak antolatu beharko liratekeela; zure erronkari heldu diogu, Jon, eta, bide batez, Gorkak ikusi nahi izango zukeen artisau-garagardoen azoka ekarri dugu auzora. Zuengatik. Topa.

