Datorren martxoaren 17an deitutako greba orokorraren testuinguruan, Zintzilik Irratiak irratsaio berezi bat eskainiko du Hego Euskal Herrian bizi den egoera sozial eta laboralari buruzko informazioa, analisia eta lekukotasunak zabaltzeko asmoz.
Saioa goizeko 10:00etatik 14:00etara emitituko da, FM 100.0 frekuentzian eta www.zintzilik.net webgunean. Herritarren parte-hartzea sustatzeko, irratiak telefono linea bat jarriko du martxan, nahi duen orok bere iritzia, bizipenak edo aldarrikapenak zuzenean helarazi ahal izan ditzan. Horretarako, 943 527 407 zenbakira deitu ahal izango da emisioak irauten duen bitartean.
Greba orokorra prekaritateari aurre egiteko, lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko eta aberastasunaren banaketa bidezkoagoa aldarrikatzeko deitu da. Besteak beste, 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzea eskatzen da.
Zintzilik Irratiak herritarrei dei egiten die martxoaren 17an informazioa jarraitzera, mobilizazioen berri izatera eta irratsaioan aktiboki parte hartzera.

