2019ko otsailean joan zitzaigun sekulako zinemagilea, herriak maite zuena bere ikuspegia beti herrikoia eta gizatiarra izan zelako, giza eskubideen alde eta kolektibo txikien alde, bere dokumentaleetan ikusi eta ezagutu ahal izan dugu normalean beste lekuetan ahotsa ez zuten hainbat lagun, Zintzilik irratiak audio moduan hainbat urteetan egin izan duen bezela. Horregatik, eta Zintzilikek Juanmi maite duelako, astearte honetan, abenduak 10ean, Giza Eskubideen Egunean, irratsaio berezi bat egingo da kalera begira.

Formatu ezohikoa izango da, Oreretako kaleetan zehar ibilbide bat egingo da eta irratiaren bitartez, audio-gida moduan, tour honetan parte hartuko duten lagunek Zintzilik irratiaren uhinen bitartez entzungo dute Juanmiren hainbat audio eta bere dokumentaleetan agertutako hainbat abesti. Emanaldi berezia 19:00tan hasiko dugu, eta tourra ordu berean hasiko da Niessenen. Ondoren, ordutegia hau izango da: 19:30tan Musika plazan, 20:00etan Udaletxeko arkupeetan, 20:30tan Mikelazulon, 21:00etan Txintxarri elkartean eta ondoren berriro Niessen kulturgunean bukatuko du.

Hilabete honetan Juanmiren figura gogoratzeko hainbat ekimen izan dira, bere dokumental batzuk ikusteko aukera ere izan genuen, besteak beste “Ateak zabalduz” non Zintzilik eta bailarako hainbat etxe okupatuta agertzen diren, eta bere azken lana “Paseko txoriak”, justu hil aurretik egin zuena. Jakin ezazue bere lan guztiak argitaratu dituztela https://juanmigutierrez.org/ web orrialdean.

1 Trackback or Pingback