M22 MANIFESTUA

2014/02/24

web004 manifiesto m22 entzun[audio:http://archive.org/download/Martxoak22DuintusatasuneiMartxakManifestua/Manifiesto22m_mix.mp3]

m22 manifestua entzun[audio:http://archive.org/download/Martxoak22DuintusatasuneiMartxakManifestua/OgiaLanaEtaEtxebizitza_mix.mp3]

 

ZORRA EZ ORDAINDU

MURRIZKETA GEHIAGORIK EZ

TROIKAKO GOBERNUAK KANPORA

OGIA, LANA ETA ETXEBIZITZA GUZTIONTZAT

?

2014an egoera oso zaila dugu begien bistan, muturreko egoera bat, larrialdi sozialekoa. Horren aurrean, erantzun kolektiboa eta masiboa eman behar dugu langile-klaseak, herritarrok zein herriek.

Milioika langile lanik gabe dago. Iraingarria da lanerako eskuak izatea, karrera bat amaituta izatea, eskulanerako nahiz lan intelektualerako gaitasuna izatea, eta, hala ere, lan duinik ez topatzea,. Jendartearen talentu kolektiboa mespretxatzen ari da, eta haren etorkizuna mugagabe hipotekatzen. Langileek ez dute merezi gure duintasun kolektiboarekiko bidegabekeria hau.

Ehunka mila familiak etxea galdu du. Familia bat bere etxetik botatzea baino gauza ankerragorik ez dago, noiz eta eskrupulorik gabeko bankari batzuen diru-gose asezina elikatzeko soilik egiten denean. Hain zuzen, jakinik bankari horiek berak ari direla jasotzen Troikaren menpeko estatu morroien laguntza, langile-klasea eta pertsona babesgabeak are gehiago pobretzearen lepotik.

Bitartean, patronala, langabezia masiboaren drama aprobetxatuz, oraindik enplegua dutenen soldatak eta lan-baldintzak behe-behetik jota estutzen ari da. Langile horiek, egoera zail honen aurrean, ezin dute zalantzan ere jarri kapitalaren zangopeko esplotatu hutsak direla. Sistema saiatzen da gu behartzen enpresariei esker ona erakustera. Enpresariak jendartearen ongile bihurtu ditu sistemak. Lana eta aberastasuna banatzeko garaia da, eta langileak beren etorkizunaren jabe direla sentitzeko ordua.

Egungo politikekin, gure gazteriak ez du bizi-proiektu duin bat eraikitzeko aukerarik eta bizimodua atzerrian bilatzera behartuta dago, behinola gure guraso eta aiton-amonek egin behar izan zuten modu berean.

Uko egiten diogu iraganeko garaietara garamatzan sistema patriarkalari. Hark kentzen digu geure gorputzen gainean erabakitzeko eskubidea, ama izan nahi dugun ala ez erabakitzeko gaitasuna ukatzen digu, behartzen gaitu aukeratu ezinik berriz ere etxean sartzera hazkuntza-lanetara.

Troikaren (Nazioarteko Diru Funtsa, Europako Banku Zentrala eta Europako Batzordea) esanetara dagoen PPren gobernuaren politikak sufritzen ari gara: eskubideak lapurtu eta gehiengo sozialaren pobretze orokortua. Herritarrek sortu ez duten Zor ez-legitimo baten ordainketa da politika horien funtsa. Zor horren jatorria bankuen espekulazioan eta zenbait gobernuren neurrigabekerian dago.

Errentagarria dena pribatizatzen dute eta aurrekontuak murrizten dituzte osasunean, hezkuntzan, mendekotasun-arloan, garraio publikoetan, ura, energia, komunikazio eta gizarte zerbitzuetan? eta hori guztia herritarron eskubideen kalterako da. Barre egiten diete adinekoei; gure aiton-amonek galera handia sufritu dute erosteko-ahalmenean, eta ikusten ari dira nola beren bizi osoko aurrezkiak bahitu dizkieten bankuen iruzurren bitartez, nola lehentasunezko hala bestelako delituzko produktu finantzarioen bitartez.

PSOEren gobernuak, PPren babesarekin, Konstituzioaren 135. artikulua aldatu zuen. Horri esker, lehentasuna eman zitzaion zorra ordaindu behar izateari, pertsonen eskubide eta beharrizanen gainetik. Justifikatu zuten esanez ordura arte gure posibilitateen gainetik bizi izan ginela eta apalago bizi beharra zegoela, eta, horrenbestez, ezinbestekoa zela defizita murriztea. Alabaina, ez da inolako murrizketarik egon bankuak eta espekulatzaileak salbatzeko hamarka mila milioi euro injektatzeko garaian.

Eskubideak murrizteko erabiltzen ari dira krisia. Murrizketa-politika horiek sufrimendua, pobrezia eta gosea ari dira sortzen, baita heriotza ere. Hori guztia gertatzen ari da, zertarako eta bankuek nahiz botere ekonomikoek gure bizien kontura irabazi handiak izaten jarrai dezaten.

Askatasuna lapurtu baitigute. Kapitalismoarentzat soberan dira gehiengo sozialaren askatasunak eta eskubideak. Sistema horrek soilik gutxi batzuen etekin pribatua du helburu, eta ondorio neurtezinak dituen hondamendi ekologiko eta sozial batera garamatza ezinbestean.

Gehiengo sozialarentzat giza-drama ikaragarria izaten ari da krisi-iruzur hau. Hala ere, gutxi-gutxiengo batentzat negozio biribila izaten ari da. Eta protesta egitean, beti jasotzen dugu erantzun bera: klase-sindikalismoaren zein herri mugimenduen kontrako errepresioa eta kriminalizazioa. Sistemak berak errepresioa behar du bizirauteko, eta kalean borroka eginez gainditu behar da hori.

78ko Konstituziotik sorturiko erregimena desegiten ari da. Ageri-agerian geratzen ari da gainbehera: herriaren kontra sortu, eta sortu zeneko elementu berak ustelkeriak jota daude; erregimenak ez du inolako legitimitaterik. Eskubideak eta askatasunak lapurtu dizkigute, gutxiengo baten interesei mesede egiteko eta euren etekinak bermatzeko. Gutxiengo horrek ekarri gaitu, hain zuzen, salbuespen sozialeko egoera honetara, hezkuntza eta osasun publikoa deseginez, adinekoen pentsioak gogor murriztuz, gure etxebizitzak kenduz, gure enpresak itxiz eta milaka langile kaleratuz.

Gobernu batzuk zein besteak legez kanpo dabiltza, ustelkeria elikatzen dute eta negozio bihurtzen dituzte hainbeste kostata lorturiko eskubideak. Ustelkeria errealitate orokortua da eta sistema ekonomikoari loturikoa, jendarte honen egituraren beraren parte eta ezinbestekoa sistema garatzeko. Aberastasuna sortzeko eta banatzeko sistema bidegabe horren parte dira bai ustelkeriatan dabiltzanak, bai beren buruak erosten uzten dutenak.

 

Beren burujabetza gauzatzera deitzen ditugu herriak, behetik gora ahotsa altxatzera, modu demokratikoan, hartara eraikitzeko askatasun demokratikoak, erabakitzeko eskubidea eta pertsonen oinarrizko eskubideak benetan bermatuko dituen prozesu eratzaile bat.

22M DUINTASUNAREN MARTXA ekimenetik, uste dugu garrantzitsua dela giza eskubideen eta justizia sozialaren kontrako politiken aurrean mobilizazio bateratu, masibo eta sendo bat antolatzea.

Mobilizazio bat zorra ordaintzearen kontra, enplegu duinaren alde, oinarrizko errentaren alde, eskubide sozialen alde, askatasun demokratikoen alde, murrizketen kontra, errepresioaren eta ustelkeriaren kontra, gizon-emakume askeen jendarte baten alde; finean, erasotzen eta ordezkatzen ez gaituzten sistema, erregimen eta gobernu batzuen kontrako mobilizazio bat.

Horrenbestez, exijitzen dugu joan daitezela. Alde egin dezatela hemendik PPren gobernuak eta oinarrizko eskubide sozialak murrizten dituzten gobernu guztiak, Troikaren politikekin kolaboratzen duten gobernu guztiak.

Hori dela eta, deialdia egiten diegu herritar guztiei, martxoaren 22an, estatu espainoleko hiriburuko kaleak duintasunez eta errebeldiaz bete ditzaten. Egun horretan, penintsulako bazter guztietatik iritsiko gara Madrilera, zutabetan, eta madrildarrak ere deitzen ditugu kalera ateratzera eta gehiengo sozialaren mobilizazio handi horretan parte hartzera.

OGIA, LANA ETA ETXEBIZITZA

KALERA!! BADA GARAIA!!

Comments are closed.