Milaka pertsona bildu dira Oreretan kartzelatuak izango diren 5 gazteen alde. Manifestazio luzea, aldarrikapen ozena. Injustizia honen aurrean osatu zen katearen burua Alaberga auzoan zenean isatsak oraindik Zumardi Txikia astintzen zuen. Amets gaiztoari bukaera eman nahi dion pertsonen bilkura. Zipaioen furgonak, lekuz kanpo, soberan zeuden beti bezala. Sorginen ehiza itsua buka dadin eskatu duen herriak. Eta herriak ateak ireki dizkie gaztei. Gure etxeko ateak ere zabalik daude.

Manifestazio ostean Orereta, Oarsoalde eta Euskal Herri osoko eragile eta lagunek sostengatutako komunikatua irakurri du ELEAK mogimenduak.

Hona hemen audioa eta testua:

Entzun [audio:http://archive.org/download/GazteenAldekoManifaOstekoPrentsaurrekoa2012223/Gazte1gehiagoEz_prentsaurrekoa_Orereta_20121223.mp3]

?Testua irakurri:

Egunon,

Gaur hemen ELEAK, euskal herritarren eskubide zibil eta politikoen herri mugimendua, pasa den asteartean, abenduaren 18an, Auzitegi Gorenak Oarsoaldeko 6 gazteri ezarritako epai irmoari (bost gazte kondenatuak izan dira) buruzko irakurketa egiteko bildu da.

Hasteko, gazteei zein euren gertukoei gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu; bizitzen ari diren egoera latza baita.

2008ko apirilaren 18ko goizaldean Oarsoaldeko 22 gazte atxilotzen saiatu zen polizia nazionala. Gogora ekartzekoa da, inkomunikazio aldiaren ostean, epailearen aurrean guztiek poliziaren esku egin ziren egunetan tratu txar psikologiko, sexual eta fisikoak pairatu zituztela salatu zutela. Adibidea jartzearren, gazteetako bat ospitalean ingresatu behar izan zuten bere burua zauritu zuelako; gaztearen esanetan, egiten ari zitzaizkion gehiegizko tratu txarrengatik egin zuen hori.

Antzeko egoerak gertatu ziren 2006tik 2010era. Izan ere, ehunka gazte atxilotu zituzten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan poliziak egindako sarekadetan. Egun, atxilotuetako 109 epaiketaren edo epai irmoaren zain daude. 82 kartzelaratu egin zituzten eta gehienetan inkomunikazio aldian tratu txarren itzala presente egon da.

Urteetan estatu espainiarrak errusiar erruleta aktibatua izan du; gazte independentista eta ezkertiar izanagatik edozein gaztek egoera hau bizi behar izan du: jazarria, atxilotua edota kartzelaratua izateko arriskua. Hain zuzen ere, zilegi ez ezik, legezkoa izan beharko lukeen jarduera politiko batengatik. Euskal Herrian benetako bake agertokia eta irtenbide demokratikoa lortzeko urratsak ematen ari diren garai honetan, hau bezalako egoera larriak ez dira ulertzen, ezta haiekin bat etorri ere, eta bide horren aurkako logikan kokatuta daude.

Eta erruleta berarekin epaitu dira gazte hauek. Bestela, ezin da ulertu epaitegi berak akusazio berdina izanda batzuk absolbitu eta hurrengo asten beste batzuk kondenatzea. Oarsoaldeko gazteen inputazio bera zuten Hernani eta Urnietako gazteen kasua da hori. Horren arrazoia, bakarra: jatorri politikoa duten epaiketak dira. Ez dago defentsa juridikorik militantzia politikoa epaitzen bada.

Hau guztia salatzeko, duela bi hilabete ELEAK-ek harreman bira abiatu zuen eragile politiko, sozial zein instituzioekin. Gure helburua lehen azaldutako egoeraren berri ematea izan da; lehen aipatu den moduan, 109 gazteren egoeraren berri ematea.

Eskerrak eman nahi dizkiegu ?Gure etxeko atea zabalik dute!? ekimenari babesa eman diozuen Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta sindikal zein norbanako gisa atxikimendua eman duzuen ehunka herritarrei.

Era berean, besarkada beroena helarazi nahi diegu une latz honetan dauden gazteei.

Bukatzeko, euskal herritarrei datozen egunetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu.

Comments are closed.