Dena prest dago Oreretan ostiralean Santomas eguna ospatzeko. Aurreko ostiralean prentsaurreko eman zuten antolatzaileek eta Santomas egunean hamar txistorra postu jarriko dituztela, artisauek beren lanak erakutsiko dituztela eta baserritarrek beren produktuak jarriko dituztela salgai esan ziguten. Animalien erakusketarik ez da faltako eta aurten Lasartetik iritsiko da Irune txerria.

Prentsaurrekoan azokara hurbiltzen den orori baserritar jantzia eramteko eta esukara erabiltzeko gonbitea luzatu diote antolatzaileek.

Egitaraua:

10:00. Azoka irekiko dute
11:15 Udal Txistu Bandak joko du
11:30 Pregoia Gamon zumardian
12:15 Bertso poteoa
13:00 Herri kirolak Lehendakari Agirre plazan
18:00 Errenteriako Musika Eskolako trikitixa ikasleen kalejira
19:00 Mutxikoak
19:30 Postu ederrena sarituko dute

Entzun prentsaurrekoa [audio:http://archive.org/download/Santomas2012/PrentsaurrekoaSantotomas2012.mp3]

Hona hemen prentsaurrekoan irakurritakoa:

Laster iritsiko zaigu mundu osoan zain gauden eguna. Munduaren akabera? Ez, Oreretako Santo Tomas azoka! Orereta ez ezik, Oarsoalde osoa eta baita Euskal Herri osoa eta mundu osoa ere egongo da guri begira egun horretan, aurreko urteetan bezala, ederra izango baita abenduaren 21a gurean. Ederra, ez, inoiz baino ederragoa izango da, mundiala.

Eta hain ederra izango da, oreretarrok elkartzea erabaki eta, auzolanean, geronek jaia muntatzea erabaki dugulako, geronengandik abiatuta eta geronentzat egina. Iaz genioen Santo Tomas batzordeak elkarlanetik urratutako bidea eredugarri izan zitekeela eta horren adibide izan genituen azken Madalen jaiak. Denon ahotan bolo-bolo ibili zen kalean bizi izan zen giro aparta eta hori jaiak antolatzen herriko eragile, erakunde, norbanako? guztiei ahotsa eta erabakia eskaini izanaren ondorio izan zen. Eta horretan, herri honetan behintzat, Santo Tomas batzordea izan da aitzindari.

Horrenbestez, geure burua zorionekotzat hartu beharko genuke antolaketa-lanetan ibili garenok eta gabiltzanok: txistorra-postua jarriko duten 10 taldeak (Ereintza, Sputnik, Alaia, Miauka, Oiartzoko ikasleak, Gaztelan, Gamon Kirola, Alaitasuna, Koldo Mitxelena Institutuko ikasleak eta Beti Ona) eta laguntzen ibili diren norbanakoak eta bestelako eragileak (Txosna batzordea, Udala, Ikasle Abertzaleak, Gazte Asanblada eta Xenpelar AEK euskaltegia). Seguru gaude inoizko azoka-egunik ederrena eta handiena osatuko dugula hurrengo ostiralean, abenduak 21.

Hortaz, pasa gaitezen, besterik gabe, 2012ko abenduaren 21ak geurean emango duena azaltzera:

Gamon Zumardiaren eremuan 20 baserritar eta artisautik gorak beren produktuak erakusgai eta salgai izango dituzte, Euskal Herri luze eta zabaletik etorritakoak denak: hestebeteak, euskal pastelak, gaztak, turroiak, Tolosako babarrunak, eztia, loreak eta landareak, barazkiak, xaboiak, larrua, lurrinak, zilarra, olioak eta ukenduak, egurra, ardoa, belarrak eta infusioak, jostailuak? Aipatu beharra dago azokaren helburu nagusietako bat betetzeko aurrera pausu bat egitea erabaki dela (euskaraz bizitzeko eguna izatea) eta, ondorioz, azokaren hizkuntza-paisaia orekatu egingo da.

Agirre Lehendakariaren Plazan (Arenalean), erakusgai izango dira inguruko baserrietatik ekarritako barazki eder eta animaliak: oiloak, kapoiak, ahuntzak, untxiak, ardiak, arkumeak, antzarak, indioilarrak, oilo japoniarrak, usoak, akuiak?

Horrez guztiaz gainera, esan bezala, Zumardiko kantina izango duzue, non Santo Tomas batzordeak prestaturikoak gozatu ahal izango dituzuen eta, Herriko Plazan, Zumardi Txikian eta Biteri kalean berriz, antolakuntzan aritu diren 10 elkarteen postuak ere gozagarri izango dituzue.

Bukatzeko, eguneko protagonista aurkeztea baino ez zaigu falta: txerria. Jakingo duzuen bezala, AEK-k antolatzen zuenean azoka, euskaltegiko irakasle baten izena jarri ohi zitzaion txerriari. Antolatzaile taldea aldatu zenez, iaz erabaki genuen ez daukala zentzurik ohitura horri eusteak. Ondorioz, Santo Tomas batzordean deliberatu genuen batzordekide baten izena jarriko geniola, nolabait egindako lanaren aitortza eta esker ona adieraziz. Azken batean, ohore erraldoia da txerriaren izena norberarena izatea. Hortaz, esan eta egin: iazkoan txerriaren izena PALOTE izan bazen, batzordekide fin eta prestu horrek ederki merezi baitzuen hainbesteraino, aurtengoan beste batzordekide baten izena eramango du, urtetan eta urtetan herritar xume bezala batzordean bereak eta bi emandakoa dena eta azken bi urteetan Udalaren ordezkari politiko gisa hari beretik ari dena: IRUNE.

Besterik ez, goza ezazue ahalik eta gehien eta euskaldunen 2012ko Santo Tomas eguna, mundua orduantxe bukatuko baita! Ez gaitzala edonola harrapatu, eta are gutxiago erdaraz!

Comments are closed.