Jarraitzen dugu Erretegia saio kontrainformatiboa kolaboratzaileez betetzen, eta gaurkoan hilero Antzerki munduaz arituko zaigun Saioa izan dugu irratian.

Lehenengo kolaborazio honetan Saioak bihar bertan martxan jarriko den AlgaraKlown proiektuaz aritu da. AlgaraKlown Donostiako ospitaleko haurrei alaitasuna eta ilusioa banatzeko asmoz pailazo bolondresek martxan jarritako proiektua da.

Entzun [audio:http://archive.org/download/AntzerkiKolaborazioa/Antzerki_kolaborazioa_01_20121121.mp3]

Hona hemen AlgaraKlown-ek zabaldutako mezua:

ALGARAKLOWN, Ospitaleko Pailazoak

ALGARAKLOWN laguntza sanitarioa eskaintzen duen proiektu berria da, mina eta gaixotasuna dagoen lekuetan alaitasuna eta ilusioa banatzeko prest dauden pailazo terapeutikoez osatua. Boluntarioki lan egiten dugu gure denbora fantasiaren eta sorpresaren munduari ateak ireki nahi dizkioten nagusi zein txikiekin igaroz.

Hurrengo azaroaren 22an, ostegunean, Donostiako Ospitalean bisitak egiten hasiko gara. Hilaren 20a Haurraren Egun Unibertsala izanik, data ezin hobea iruditu zaigu gure lanarekin hasteko. ALGARAKLOWNek martxan jarri nahi duen ekimena berria da Gipuzkoan. Mundu mailan badira hamaika ospitale horrelako bisita bitxiak jasotzen dituztenak, eta Gipuzkoako umeei ere beren gaixotasun eta minez ahaztu, eta ilusioz eta barrez lehertzeko aukera ere eskaini nahi diegu. Hori lortzeko buru-sudur jarri gara lanean.

Gure baliabideen artean, hauek daude: Klown artea, bat-batekotasuna eta entzutea. Musikarekin dantza egiten dugu, txotxongiloak paseoan atera, malabarak aireratu, puxikekin hegan egin eta ametsak kontatzen edo kontuak amesten ditugu.

Bolondres talde bat gara, eta munduko mozorrorik txikiena den sudur gorriz armaturik, ospitaletan dagoen edota lan egiten dutenen egunerokotasuna hobetzea dugu helburu. Klowna pertsonaia berezi eta paregabekoa da; barregarritasuna, xamurtasuna, apaltasuna eta gizatasuna gorenera daraman norbanakoa, azken finean. Ospitaleko pailazoak badu gainera gaixo daudenen eta gertukoen inguruko formakuntza zehatza. Klownak erabiltzen dituen baliabidetako batzuk zerrendatzearren; ametsetako munduak sortzea, metafora poetikoa, magia, musika, gauzen eraldatzea, kontuak? eta abar luze bat.

Gure bidea hasi besterik ez dugu egin, baina benetan uste dugu Gipuzkoako ospitaleek behar dutela momentu latzetan alaitasun pittin, apur, zati, edo kamioikada bat zabaltzeko prest dagoen jendea. Horregatik, ALGARAKLOWNek Ospitaleko Klown izateko ikastaro bereziak eskaintzen ditu. Asteburutan ematen diren kurtso intentsiboak dira, eta lehenak abenduan hasiko ditugu.

-Ospitaleko Klown ikastaroa: Abenduak 7, 8 eta 9. Formazio honetarako klown formazioa eduki behar da.(prezioa: 20?)

-Klown Hastapenak ikastaroa: Abenduak 14, 15 eta 16. (prezioa: 20?)

Donostiako Ospitaleak ALGARAKLOWNen aldeko apustua egin du, hainbat erkidegotako edo estatutako ospitalek Hospital Clown-en alde egin izan duten bezala. Gure lana egiteko, baina, oinarrizko azpiegitura batzuen finantzaketa beharrezkoa zaigu. Izan ere, guk musu-truk lan egiten dugu, literalki, eta begiradetan agertzen den ilusioarekin, ahoetatik irteten den barrearekin, eta umeen hobekuntzekin nahikoa dugu gure lanaren ordain gisa. Baina beste elkarte batzuek bezala, gure lanarekin jarraitu ahal izateko, laguntza ekonomiko baten beharrean gaude. Hau da ospitaleko ateetatik kanpo ezagutzera ematearen beste arrazoietako bat.

Gure inguruan zerbait gehiago jakin nahi izanez gero, edo gurekin harremanetan jarri nahi baduzue, hemen azpian dituzue gure datuak!

Eskerrik asko,

ALGARAKLOWN TALDEA


Comments are closed.