Asteazkeneko Erretegian Imanolen kolaborazioa izaten dugu. Aurten orain arte aurrekoa urteetako Literatura Txokoko artxibotik joan gara hornitzen, baina aste honetan zuzenera itzuli gara. Eta itzultzeko Imanolek aukeratutakoa Pinotxo izan da.

Entzun [audio:http://www.airean.net/zintzilik/public_html/audio/Dokumentuak/Literatura%20txokoa/Ltx2012/Pinotxo_120425.mp3]

Imanolek hamabostero Berrian idazten du Haur eta gazte Literaturaren inguruan, eta Pinotxori buruz idatzitakoaren Informazioa “Hau da ezusteko atsegina!” artikuluan jaso dezakezue.

Hau da ezusteko atsegina!

Idazlea: Carlo Collodi

Izenburua: Pinotxoren abenturak

Ilustratzailea: Jokin Mitxelena

Itzultzailea: K. Biguri, G.K. Goikoetxea eta A. Pontesta

Argitaletxea: Alberdania, Erein, Igela

Hau da ezustekoa hartuko duzuna liburu hau irakurtzen baduzu!

Niri bederen halaxe gertatu zait. Denok bezala Pinotxoren abenturen berri banuen, txikitako istorio laburtu haietan, telebistan, pintatzeko koadernotxo haietan guztietan ezagutu bainuen sudurra hazten zitzaion txotxongiloa.

Ba ez. Benetako istoriotik oso urrun nengoen.

Eta ez dut esan nahi orain ezagutu dudan Pinotxo erabat gustatu zaidanik. Kontua da Pinotxo berri bat ezagutu dudala –benetako Pinotxo– eta orain arteko hura baino askozaz interesgarriagoa iruditu zaidala. Noan harira.

?Pinotxoren abenturak? Collodi abizeneko kazetari batek idatzi zituen eta atalka argitaratu italiar egunkari batean XIX mendean. Denera hogeita hamasei atal. Testuak garai hartako haurren bizimoldea du inspirazio iturri eta, esan beharrik ez dago, garai hartako haurrak kale gorrian bizi ohi ziren. Eta ezaugarri hauek obraren zer-nolako guztiak baldintzatzen ditu.

Obra arina da, umorea eta arriskua dosifikatuaz eraikia, amaierarako suspensea gordetzen duena eta moralizantea, haurrei txintxo izatearen onurak eta bihurri izatearen kalteak azpimarratzen nekatzen ez den horietakoa.

Honegatik, nik uste, istorioa kolpe bakarrean baino, atalka hobe irakurtzen da, zortzi-hamar urtetik aurrera.

Azkenik, goraipatu itzulpen lan bikaina dela, euskara arin eta aberatsean egina eta halako altxorraren jabe Galtzagorri elkartearen ?Klis-klasikoak? ekimenari esker egin garela.

1 Comment

  • imanol dice:

    Soilik zuzenketatxo bat:

    Collodik Pinochoren abenturak haurrentzako egunkari batean argitaratu zituen eta ez helduentzako batean. Egunkariaren izena “Giornale per bambini” zen eta 1881eko uztailaren zazpitik aurrera kaleratu zen, atalka, Pinotxoren abentura.