Igandean Peru eta Steinen omenaldian irakurritako komunikatua:

Eguerdion eta eskerrik asko gaur hona gerturatzeagatik.

Peruk, Steinek bezala, bere herriagatik dena eman zuen eta ibilbide oparo horretan utzitako maitasun, lan, borroka eta miresmenak ekarri gaitu gaur hona. Bentas auzoko baserriko semea, Oreretara etorri zen bizitzera Blanki bere emaztearekin eta bertan jaio ziren euren alabak, berriro itzuli zelarik baserrira bizitzera.

1981ko otsailaren 4ean poliziak lagun bat atxilotu zuela jakitean, Peruk erbesteari ekin zion, berekin batera familia eramanez. Iparraldean euren bizitza egiten hasi ziren eta horrekin batera Peruren eskuzabaltasunaren berri izan zuten Peru eta bere familiaren egoera berean zeuden hainbat eta hainbat euskal herritar. Aski ezaguna zen, errefuxiatuen artean, norbaitek arazorik baldin bazuen Peru zela laguntzeko prest zegoen lehena eta bere etxean beti zegoela plater bat gehiago jarrita, inor beharrean egonez gero, eskaintzeko. 1984ko otsailaren 8an Steinek Perurengana jo zuen laguntza esker, atzetik segika zituelako susmoa baitzuen. Egun hartako arratsaldean bertan hil zituzten biak GALeko mertzenarioek.

Gerra zikinak, espainiar estatuak, erail zituen Peru eta Stein, estatu horren azpijokoa eta maltzurkeria oraindik ere dirauelarik. Euskal Herriak bizi duen egoera berriaren aurrean zabaldu diren aukerak indargabetzeko asmoa besterik ez dute estatu espainiar zein frantziarrak. Bakea ahalbidetuko lukeen konponbide justu eta demokratikoa zapuzteko nahia dago jokabide horren atzean. Baina gure esku dago indar guztiekin estatuen estrategiari aurre egitea eta herri bezala gatazka gainditzen joatea, hau da, bakea eta justizia eraikitzea. Konponbide integrala bilatu nahi dugu, konfrontazio armatuak eragin ondorioei eta gatazkaren gako politikoei aterabide osoa emanez, hurrengo belaunaldiek Euskal Herri aske batean bizitzea amesten baitugu.

Baina ezinbestekoa da aurrera egiteko, atzera begiratzea, gure historia idatzi zuten borrokalari hauen eta euren borroka ezagutuz. Gure konpromisoaren bidez, borrokalarien historia eta memoria herriarengana zabalduz, gudariak euren etxekoak diren bezala, geurekoak ere badirelako, herriarenak azken finean.

Independentzia eta sozialismoaren aldeko lekukoa jaso dugu gudarien eskutik eta helburu honekiko indarrak biltzeko garaia da, antolatuz eta herri hau eraikitzeko lanetan buru belarri murgilduz, biharkoari itxaron gabe. Euskal jendartearen mobilizazio zabal eta anitzak bermatu baitezake, herri honek eman behar dituen pausuak ematea eta aurreratutakoak atzera bueltarik ez izatea.

Bidea malkartsua izango da, baina pausuz pausu egin behar dugu, gure iparra zein den inoiz ahaztu gabe: Euskal Herri Independente, Sozialista eta Euskalduna. Ahalegin? horretan askok euren bizitza utzi dute eta gure esku dago alferrikakoa izan ez dadin! Ekin eta bultza denok batera irabazi arte.

Comments are closed.