«Biladi Hadi: hamaika begirada Palestinari, Euskal Herritik» liburu diskoaren aurkezpena, solasaldia eta kontzertu akustikoa izango dugu ostiral honetan Mikelazulo elkartean arratsaldeko 20:00etan . Otsailaren 6 bitararte ere izango dugu Mikelazulon «Biladi Hadi. Hamaika begirada Palestinari EHtik? erakusketa.

BILADI HADI hamaika begirada Palestinari, Euskal Herritik izeneko liburua
eta diskoa Biladi Hadi elkartasun brigadak Euskal Herriko hainbat sektoretako
hamarnaka pertsonarekin batera hilabeteetan garatutako proiektua da, eta proiektu honetaz hitzegiteko gurekin izan dugu Asier.

Entzun [audio:http://www.airean.net/zintzilik/public_html/audio/Dokumentuak/2012/BiladiHadi_20120125.mp3]

Info+: http://biladihadi.wordpress.com

Biladi Hadi 2010ko uztailean eta irailean Palestinan izandako elkartasun brigada da, kulturgintzan eta bestelako eremuetan lanean ari diren euskal herritarrek
osatua: musikariek, kazetariek, pailazoek, bertsolariek, zinemagileek, eta
ikasleek, besteak beste.

Euskal Herritik elkartasuna adieraztera abiatu ginen Palestinara, eta herri
bat ekarri genuen bueltan, bihotzean gordeta. Ekarritakoak gutxi du
oroigarritik, eta asko, behar beste, konpromisotik. Gure bidaia joan-etorriko
lan gisa ulertu genuen hasieratik. Hala, han ikusitakotik eta ikasitakotik
abiatuta, ekin diogu gurean herri palestinarraren aldeko elkartasun olatua
sortzeari.

Bide horretan aurrera egindako pauso bat baino ez da liburu hau. Euskal
Herrian hainbat esparrutan lanean ari diren lagunekin elkarlanean, musika eta
hitzak jarri dizkiegu gure bidaian ateratako irudiei: palestinarren
sufrikarioaren isla diren argazkiei. Horien bitartez, bat egin nahi dugu
nazioartean garatzen ari den Israeli Boikot ekimenarekin, Israelek zapalketa
alde batera utzi, eta herri palestinarra aske utz dezan.

Urrats txiki honek beste batzuk ekarri beharko ditu atzetik, azkenean herri
gisa elkartasuna eta babesa eman diezaiogun Palestinari, eta herri gisa egin
diezaiogun aurre Israeli. Bitartean, ordea, badugu zerbait eskuartean
hartu eta begiratzen dugun bakoitzean bere etorkizunaren eta ametsen jabe izan nahi duen herri bat badela gogoratzeko. Izan dadila liburu hau askatasunaren aldeko beste urrats bat. Elkartasuna ematera sekula gehiago itzuli behar izan ez dezagun.

Next Post
»