Abenduaren 23an, ostiralero ohikoa den bezala Euskal preso politikoen aldeko enkartelada egin zen Oreretan. Enkartelada ostean komunikatua irakurri zen Herriko plazan, eta bertan preso batek Olentzerori eginiko gutunaren berri izan genuen.

Entzun [audio:http://www.archive.org/download/Abenduaren23koEnkartelada/format=VBR+MP3]

Olentzero maitea:

Zakua opariz bete, eta mendietan behera gurera etortzekoa izango zara aurten ere. Txintxoak izan direnei opariak, eta gaiztoak izan direnei ikatza ekarriko omen diguzu, zuk jakingo duzu nor izan den nor ongileen eta gaizkileen artean. Beti amesten duzu, han eta hemen fama txarra jartzen dizuten arren.

Gure aberriaren hiriburuan, adibidez, zure etorrera debekatuko dute aurten ere; zer ote dute Iru?ean zure aurka? Agian ikatza ekarri diezu behin baino gehiagotan, eta handik datorkie zurekiko ezin ikusia. Ekarri iezaiezu, arren, opari txikiren bat, ea horrela bakea ematen dizuten. Debekurik, behintzat, ez dizute jarriko, opariak legez kontra jasotzen ohituak daude eta. Eskatzen hasita, esango nizuke Nafarroari buruzko libururen bat ekartzea, esaterako Nafarroaren konkistari buruzkoa, agerikoa baita duela mende erdi gertatutako gerra tamalgarri hari buruzko akordua okertuta dabiltzala inguru haietan, hain okertuta ze erasotzaileak erasotutzat eta erasotuak erasotzailetzat hartzen baitituzte.

Aurten beste eskari bat nahi genizuke egin: Madrilera joan zaitezen, hain zuzen. Badakigu ez dela eskari makala, agian egun bete lehenago abiatu beharko duzula, zakua bizkarrean eta zahatoa sorbaldan hartuta, baina jakitun gara hara joateak merezi izango duela.

Joaterik bazenu, beste liburu bat eramatea eskatu nahi genizuke: hiztegi bat, zehazki esatearren. Lasai, ez da hiztegi berezia, ez, hiztegi arrunta da, betiko hiztegi txiki horietako bat. Madrilgo gorteetara eraman ahal izango bazenu, hobe. Edifizioa non dagoen ez badakizu, lasai galdetu, denek ezagutzen dute han Madrilen: kanpoan bi estatua ditu eraikinak, lehoi itxurakoak, aski itsusiak eta hantustekoak.

Hiztegia paperean bildu ondoren, jar ezazu gainean Se?or presidente del gobierno, harrerakoek jakingo dute zeini eman. Ohar bat, Olentzero maitea: geure etxean gu konturatu gabe sartzen zara, zuk bakarrik ezagutzen dituzun zirrukituetatik, baina Madrilen ez ezazu halakorik egin; atean utzi eta alde egizu handik lehen bai lehen, ez baduzu liburuarekin batera? zure bizitza han bertan utzi nahi.

Zure buruari galdetuko diozu zer dela eta nahi ote dugun han hiztegi bat utzi dezazun; beno azalpen erraza du. Kontua da Madrilen aspaldi dabiltzala hitzen esanahiarekin galduta edo: ez dira aklaratzen. Han, politika esaten dutenean, gerra esan nahi dute, askatasuna esaten dutenean, esklabotza, eta demokrazia esaten dutenean, tirania. Alde eta kontra hitzekin ere, nahaste handia dute: askatasunaren alde ari direla esaten dutenean, askatasunaren kontra aritzen dira eta.

Eta zer esan nazio hitzaz: begira, Olentzero, Madrilen nazio hitza entzun eta pentsatzen dute Espainiaz ari direla, hura, Espainia alegia, baitaukate nazio bakartzat. Baten batek esan beharko die nazio asko dagoela, espainiarraz aparte, eta horietako bat geurea dela, euskaldunona. Ahora ekarri orduko nahasten zaien beste hitzetako bat, indulto da, haien aburuz konstituzioan ageri ez arren, behin baino gehiagotan aplikatu izan duten, esaterako, Guardia Zibil batzuei, eta baita bankariren bati ere. Kontua da sintsita daudela indulto delakoa beren lagunei jar dakiokeela, eta bakarrik beren lagunei, eta hiztegiak erakutsi beharko die oker daudela inon ez duela halakorik ipintzen, ezta beren konstituzio hartan ere.

Harrituta egongo zara, Olentzero maitea, gure eskariaren urriarekin. Urtero zerrenda luzea egiten dizugu, eta aurten bi liburu baino ez. Baina eskarmentua badaukagu, eta badakigu asko eskatu izan dugunean gutxi jaso dugula; aurten, taktika aldatu dugu, gutxi eskatu eta asko jasotzeko esperantzaz.

Zorte on, Olentzero, eta kontuz Somosierrako gainean, gehienetan elurra eta izotza izaten baita. Kafetxoa hartzeko Bocegillasen geratzen bazara, ez ahaztu gure lagun senideak agurtzen, hantxe ibiliko dira eta, astebururo bezala. Emaiezu muxu handi bat, eta esaiezu zaku txikia daramazula aurten, baina itxaropenez betea.

Comments are closed.