eraso-sexista-konzentrazioa_2010-10-18ORERETAKO IZTIETA AUZOAN EMAKUME BAT LABANKADAZ ERASOTUA izan zen aurreko asteartean. Hori dela eta, atzo elkarretaratzea egin zen auzo honetan. Hona hemen bertan zabaldutako komunikatua:
Gaur, beste behin ere emakumeon kontrako indarkeria kasu baten aurrean aurkitzen gara. Iztietako emakume bat erasotua izan zen pasa den astearteko arratsaldean. Oso larri eraman zuten erietxera arratsaldeko azken orduan, ustez bikotekideak emandako labankaden ondorioz. Jakin ahal izan denez, ustezko erasotzailea espetxean sartu dute. Emakumeak oraindik larri jarraitzen badu ere, arriskutik kanpo dago.
Erasoa gogor salatu eta gaitzesten dugu Errenteria-Oreretako? talde feministok. Kontaezinak dira honezkero erasoak salatzen dituzten emakumeak.
Emakumeon kontrako indarkeria gure bizitzako eremu guztietan bizi dugu. Indarkeria begirada erasokor bat da, baita heriotzara garamatzan eraso bortitz bat ere. Jendartean emakumeoi eta gizonezkoei egotzi dizkiguten rol eta baloreekin hautsi beharra dugu; egoera hau aldatu arte ez dugu aldaketarik izango. Sistema patriarkarrarekin apurtu beharra dugu eta jendarte berri bat eraiki.
Salatzen ari garen erasoaren atzean indarkeria erabiltzen dutenen misoginia ezkutatzen da (emakumearekiko mespretxua eta gorrotoa ), baino baita jendarte zein botere publikoen tolerantzia ere, azkeneko hauek indarkeriaren azken espresioa den erailketa gertatzen den arte erreakzionatzen ez dutelarik.
Egoera honen aurrean, Instituzio Publikoek konpromezu maila altua hartzea exijitzen dugu. Gure errealitatea, berdintasunezko errealitate batetan bihurtzen protagonistak behar dute izan, non emakumeon aukerak eta eskuragarritasun baldintzak parekideak izango diren. Politikoek ez lukete bere jarduna mugatu behar egun hauetan entzuten ditugun diskurtso horiek ematera eta hezkuntza zein berdintasun politiken bitartez jendartearengan benetako aldaketa bultzatu beharko lukete eta honek eguneroko eta benetako konpromezua eskatzen du.
Emakumeok, prebentzioan eta erantzunean jarriko dugu gure indarra. Autodefentsan egingo dugu lan, erasoen aurrean ezin garelako ez ixilik ezta geldirik ere geratu!!! Gure auzo eta herrietatik erasotzaileak baztertzen jarraituko dugu!!!
Azkenik, jendarte osoari gaitzespen kontzentrazioetan parte hartzea gonbidatzen dugu, Euskal Herrian gertatzen direnean bilduko garelarik. Kontzentrazioak Niessen Merkatal gunearen aurrean burutuko dira (nahiz eta gaurkoa? Iztietako Diputazio Plazan bertan burutu), arratsaldeko 7.30etan, berria prentsan agertu eta 24 ordutara.

Comments are closed.