Joseba Agudo Espainaratu eta espetxeratu egin du Marlaskak

Ostegunean Espainaratu zuten abokatu oreretarra, eta ostiralean epailearen aurretik pasa ostean espetxera bidali

Joseba Agudo euskal preso eta iheslarien abokatua baldintzarik gabe espetxeratzeko agindua eman du Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Frantziak Espainiaren esku utzi zuen abokatua joan den ostegunean. Grande-Marlaskak ostiralean hartu zion deklarazioa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Grande-Marlaskak ETAko kide izatea egotzi zion eta kartzelara bidali zuen, badaezpadako neurri gisa. Ihes egiteko arriskua dagoela eta delitua berriz egin dezakeela arrazoitu du kartzelaratzea agintzeko. Joseba Agudo Soto del Real espetxean da (Madril, Espainia) ostiralaz geroztik.

Iazko urriaren 28an atxilotu zuen Agudo Frantziako Poliziak Hendaian (Lapurdi). Nahasia izan zen atxiloketa, Espainiako Irrati-Telebistak egun hartako goizean iragarri baitzuen abokatua atxilotuta zegoela, nahiz eta iluntzera arte ez zuten atxilotu. Goizean hasi eta iluntzera arte abokatuaren bulegoa miatu zuten guardia zibilek Oiartzunen, eta bulegoko ordenagailuak eta informatika euskarriak eraman zituzten. Geroago atxiki zuten abokatua, Hendaian, Grande-Marlaskak agindutako operazioan.

Iheslarien eta ETAren artean zubi lanak egitea leporatuta, Frantzian izan dute preso osteguna arte. Espainiako Auzitegi Nazionalak abokatua Espainiaren esku uzteko eskatua zion Frantziari, eta Paueko Auzitegiak otsailean onartu zuen haren kontrako euroagindua. Agindu horri erantzunez utzi zuten ostegunean Espainiaren esku.

Oarsoaldeko Hitzatik jasotako informazioa

Comments are closed.

Previous Post
«