Sonia Jacinto Oreretarraren, Rufi Etxeberria Oiartzuarraren eta ezker abertzaleko beste zortzi kideen atxiloketak salatzeko mobilizazioak egin zituzten atzo arratsean, Oreretan eta Oiartzunen. Mobilizazio horiek inkomunikaturik jarraitzen duten bitartean egingo dira arratsaldeko 20:00etan.

Bestalde ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk manifestaziorako deia luzatu dute. Manifestazioa Donostian izango da larunbatean, 17:00etan, Askatasunaren alde, eskubide guztiak guztiontzat lelopean.

Segi gazte erakundeakhurrengo egunetan kaleak astindu eta gazteak independentziara lotzeko unea dela gogoratu du, eta urriaren 16ean goizean ikastetxeetan eta arratsaldean herrietan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu du.

Amaitzeko esan Euskal Herriko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak bat egiten duela datorren larunbaterako gehiengo sindikalak egin duen deialdiarekin, eta honako komunikatu hau bidali digula irratira:

  • Inoiz baino gehiago errepresioaren aurrean indarrak bildu eta erantzun bateratu eta masiboak burutzeko garaia dela uste dugu. Zentzu hau ematen diogu sindikatuek egin duten deialdiari, eta positiboki baloratzen dugu sindikatuek azken operazioaren aurrean hartu duten jarrera eta konpromisoa.

  • Errepresioari bidea mozteko beharrezkoa da kalean mobilizatzea. Bide honetan ezinbestekoa ikusten dugu eragile eta norbanakoen inplikazioa eta parte hartzea honetan guztian. Beraz, sindikatuez haratago, Euskal Herriko eragile eta norbanako guztien inplikazioa eskatzen dugu manifestazio honetan.

  • Benetako prozesu demokratiko bat osatzen joateko beharrezkoa izango da estatuen errepresio estrategia indarge uztea. Errepresiori hormak jartzen goazen heinean erraztuko dugu prozesu demokratikoari bidea irekitzea. Zentzu honetan errepresioaren aurkako borroka prozesu demokratikoaren aldeko lanean ulertzen dugu Amnistiaren Aldeko Mugimendutik.

Besterik gabe, datorren larunbatean Donostiako kaleak goraino betetzeko deia egiten dugu.

Info +: http://www.askatu.org/

Comments are closed.