25 urte, ‘Zintzilik’

Iritzia

Arantxa Urbe

Errenteria-Orereta

Biharamunak harrapatuta bazaude, aitzakia ona duzu irratia pizteko eta zintzilik dagoena biltzeko. Zorionak, Zintzilik Irratia, luze gerta dakizula bidea!

Biharamuna. Santio Egunaren hurrengoa izanik, hori du kondena, gaurko egunak, Oreretan. Bart amaitu dira Madalen Jaiak eta horixe askoren arriskua: biharamuna, bestondokoa, alegia.

Une hunkigarriak dituzte jaiek, herrian gaudenentzako, eta, are gehiago, herrian ez daudenentzat. Hunkigarrienetakoa txupinazoa izango da. Ez da erraza hitzez adieraztea Madalen bezperako arratsaldeko zazpitan Herriko Plazan bizitzen dena.

Aurten, Udalak Julia Iparragirre -andere?o Juli, guretzat-, eta Kukai Dantza Konpainia omendu nahi izan ditu. Merezitako omena. Eta haien esku, plazan zeudenak irrikaz itxaroten zuten suziria jaurtikitzeko ohorea. Prest Udal Banda, Xanti eta Maialen erraldoiak eta buruhandien konpartsa, xanpain botilak, madalenak eta festa gogoak. Parrokiko kanpaien errepikarekin batera abiatu da suziria, eta uhinekin topo egin du.

Uhinak irratiak ipini ditu zintzilik. Egia esan, 25 urte daramatzate beste lekuetan ahotsik ez dutenen mezua eta lana airean zintzilikatuz.

Izan ere, Zintzilik Irratia komunikabide ofizialek gordetzen zutena zabaltzeko helburuz sortu zuten 1984an. Eta ordutik, komunikabideek isiltzen dituzten salaketei, lanei eta proposamenei ahotsa ematen aritu dira Oarsoaldean uhinak zabalduz.

Gogoan izango duzu, beharbada, Zintzilik Irratia sortu zen garaia. Herria bor-bor zegoen: langabezia handia, droga eta haren ondorioak barra-barra, poliziaren jazarpen itogarria, euskara edonon aldarrikatu behar.

Hospitalilloko gaztetxearen garaiak ziren, beste jendarte bat nahi genuen orduan ere. Ahotsak isiltzen ziren, eta irratiak zintzilikatu nahi izan zituen, ahaztuak izan ez zitezen.

Hainbeste urte igaro dira eta oraindik ere zenbat ahots isilduak, zenbat ahalegin eta zenbat sufrimendu isildu nahiak. Batzuetan badirudi garaiak ez direla hain desberdinak!

Ez da makala Zintzilik Irratiak egin duena. Diru laguntzen morrontzara lotuta bizi garen garaietan, Zintzilik Irratia talde autokudeatua da; hots, ez dela administrazioaren dirutik bizi.

Gainera, irekia eta parte-hartzailetzat du bere burua: ?Ahots inkorformista eta iraultzaileak irratien munduan gero eta baztertuagoak dauden garaietan, mundu askeago eta solidarioago baten alde borrokatzen duten pertsonei eta taldeei irekiak gaude. Adierazpen askatasunaren alde borrokatzen dugu?.

25 urtez lanean aritzea omentzeko nahikoa arrazoi bada ere, balio horiek guztiek aldarrikatzeagatik nire omena.

Oarsoaldeko Hitzan, 2009-07-26, Iritzia

Comments are closed.