Oreretako Zamalbide auzoan eraikitzen ari diren autopista berria dela Oarsoaldeko Eguzki Talde Ekologistak komunikatu hau kaleratu du:

Urtarrilaren bukaeran ezagutu dugu Inbertsioetako Europako Bankuak 200 miloi euroko mailegua emango diola Gipuzkoako Foru Aldundiari Zamalbideko autopista berria bukatzeko, Donostiako Bigarren Saihesbidea alegia.

Eguzki talde ekologistak ez du ulertzen nola, obra honen ingurugiro-inpaktuak itzelak izanik, halako erakunde batek finantziazioa eman dezakeenik. Autopista berri hau Fanderia-Agustinetan hasten da scalextrix erraldoi batez (etxe berrietako leihoen aurrean), San Jose ikastetxea-Zentolen ingurua zeharkatzen du eta Zamalbide osoa txikitu ondoren Perurenan sartzen da Astigarraga eta Usurbiluntz.

Aurreratu xamar dagoen autopista honen inpaktuak zenbait dira: lurzoruaren artifizializazioa, kutsadura, zarata eta nazioarteko trafikoa landaguneetara eramatea, nekazal ustiapenen desagerpena, baserrien suntsipena (Tellegineta baserria), natur kontserbazioan duen eragin ezkorra, etabar.

Gainera, gaur egun gauza jakina da kotxe eta kamioientzako garraio-azpiegitura gehiago eraikitzea ez dela deuserako irtenbidea, eta Foru Aldundiak badaki hori. Garraio publiko masibo bat Donostialdea-Oarsoaldea-Bidasoaldean soluzioaren zati handi bat da, eta ez azpiegitura erraldoiak eraikitzea betikoek gure diru publikoaz aberasteko.

Azkenik, Eguzkik herritarrak gonbidatzen ditu Agustinak-Zentolen-Zamalbide bisitatzera, lan hauen inpaktuez jabe gaitezen.

2009.02.16

Oarsoaldeko EGUZKI Talde Ekologista

Comments are closed.