Joseba Agudo, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kidearen adierazpenak, ?Hitza eta erabakia askatasunez? lelopean deituriko ekitaldi politikoa debekatu izanaren aurrean:

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, gatazka bere oinarrietatik eta behin betirako konpontzeko bidean ekarpena egiteko ekimena aurkeztu nahi du. Horretarako antolatu du Belodromoko ekitaldia. Hortaz, debekatua izan dena, konponbidean aurrera egiteko proposamen bat izan da. Ez dugu ulertzen eta ez dugu onartzen.

Beraz, ardura politikoagatik eta uste dugulako herri honen gehiengoak nahi duena konponbiderako prozesu demokratiko bat bultzatzea dela, herritar orori dei egin nahi diogu Belodromoaren ateetara bihar guztiok joan gaitezen eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak plazaratu nahi duen ekarpena entzuna izan dadin.

Belodromora sartzen uzten ez badigute, ez gara sartuko, noski. Hala ere, Donostiako Belodromoko ateetara dei egin nahi diegu herritarrei eta kalean bada ere, herri honek behar duen konponbide demokratiko baterako oinarriak eta bideak Donostian, kalean aldarrikatu ditzagun. Baita ere, bide horretan Amnistiaren Aldeko Mugimenduak esateko duena herri honen eskutik jasoa izan dadin.

Aspalditxo esaten ari garen legez, Euskal Herriak baldintza demokratikoak ezinbesteko ditu demokrazia oinarri eta mugarri duen prozesu bat bururaino eraman ahal izateko. Honako debekua, baldintza demokratikoen ukapenean beste adierazpen bat da. Honenbestez, baldintza demokratikoen oinarritik, herri honek HITZA ETA ERABAKIA ASKATASUNEZ eskuratu ahal izateko baldintzak eta ibilbidea egin nahi dugu, Euskal Herriko indarrekin batera.

Hori da gure borondatea eta bide horretan jarraitu nahi dugu, ardura politikoz eta herri honek behar duelako prozesu demokratiko bat.

Euskal Herrian, 2007ko urtarrilaren 5an

Comments are closed.

Previous Post
«