Etxebizitza eskubidearen inguruko gaia pil-pilean dago 
azken aldi honetan. Lur-zoruaren legea eta etxebizitza
planak zeresana eman dute. Hauek aplikatzeko ordea,
zer egoeratan gauden aztertu beharrekoa izango da.
Guk gutun honen bidez, gure herriko (Lezo), kasua
aurkeztu nahiko genuke. Eta bide batez, duela gutxi euren asmoen
berri eman digun Etxebizitza Sailburuari interpelazio zuzena egin,
horrelako kasuen aurrean zer edozer egin asmo duen jakiteko.

Madrazo jauna:

Lehengo astean jaso genuen, Lurzoru legea eta etxebizitza planari buruz bidali zenigun informazioa.

Honek, gure herrian gertatzen ari denari buruz pentsatzera eraman nau eta gure istorioa zuri kontatzea otu zait.

Gurea, Gipuzkoa kostaldean, Jaizkibel mendiaren magalean kokatua dagoen 6.000 biztanleko, Lezo izeneko herrixka duzu. Orain gutxi, herritarrek aukeratuak izan gabe boterean dauden, PNV alderdiko agintari maltzurrek, herriaren aurkako azken erabakia hartu zuten. Ordurako gure herriko 1.000tik gora lagunek esana zuten, hartu beharreko erabakia garrantzitsuegia zela lau agintari horien esku uzteko. Erabakiak, demokratikoki hartutakoa, herriak hartutako, herri galdeketa bidez hartutakoa behar zuela izan. Garbizu alkatearen eta Mimendia zinegotziaren alderdikideek ordea, euren nagusikeriaz baliaturik, herritarron gainetik eta Lurzoru legea onartu bezperetan (2 egun lehenago), euren hirigintza planari behin-behineko onarpena eman zioten.

Euren jukutria ez zen oharkabekoa izan. Bazekiten jakin, euren asmoak ez zirela zuek onartutako legearen baitan kabitzen. Bazekiten, babestutako etxeak legeak jasotakoak baino 400dik gora gutxiago egitera zihoazela. Bazekiten alokatutako etxebizitzak zenbat izango diren ez zutela zehaztuko. Bazekiten, espekulazioari ateak parez-pare irekiko zizkiotela. Eta jakin bazekiten, lezoarron etxebizitza eskubidea bermatu beharrean, negozioa egitera zihoazela.

Gure istoriotxo hau amesgaiztoa izan zitekeen, Espainia aldeko Marbella delako herri bateko gertakaria izan zitekeen, baina zoritxarrez, gure herrian eta zuen lege eta politiken eragin esparruan gertatutako benetako historia da. Lezoko agintariek iruzurra egin nahi digute guri, baina, iruzurra egin nahi diete zuen politikei ere.

Zuk diozun bezala, zuen administrazioaren eta udal administrazioaren erantzukizuna da ?herritar guztiek etxebizitza duin baterako duten eskubidea bermatzea?. Diozunez, etxebizitza ?ezin da luxutzat hartu, ezta espekulaziorako elementutzat ere?. Hemen duzu, printzipio horien kontra jo duen udal batetako gertakaria.

Espero dugu, zure hitz ederren eta promesen atzean zer edozer egotea eta horrelako kasu nabarmenen aurrean, neurriak hartzea. Bestela, zure hitzak, ametsezko ipuin bateko istorioen modukotzat hartu beharko baititugu, inolako sinesgarritasunik ez duten promesatzat. Eta gure herriaren historiara, etxebizitza eskubidea zapuztu zuen erabakiaren aurrean, deus egin ez zuen Etxebizitza politikako arduradun gisa igaroko baitzara.

Irla urrun bateko jakintsu batek esan zuen lez: gure herriaren aurrean, historiak errugabetuko zaituelakoan, agur bero bat.

Iker Salaberria

Lezoren Alde Herri Plataforma

Comments are closed.