larunbatean goizeko 12:00etan Donostiako diputazioko eraikinaren aurrean Lezoarrek kontzentrazioa deitu dute udalaren Hirigintza politika salatzeko.
Hona hemen Lezoko gazteek zintzilik@zintzilik.net postara igorri diguten mezua:

Aste honetan Lezoar guztiok jaso dugu etxean udalaren hirigintza planari buruzko publizitatea. Gazteok antolatutako ekimenek eta aurkeztutako 150etik gora sinadurek eragina izan dute antza. Orain gazteentzakoa omen da proposatutako etxebizitza politika. Gazteoi galdetu al diguzue (zuen zinegotziez gain) akaso, zer behar dugun? Lotsa gutxi!

Udala, babestutako, gazteei bideratutako, 500 etxebizitza egingo dituela saltzen ari zaigu: gezurra! Planaren arabera babestutakoak 173 etxebizitza izango dira (1.100etik). 500 arteko gainontzekoak babestuak baino %70 garestiagoak izango dira (tasatu, hitzartu?nahi den bezala deituak): a ze pagotxa! Noski, alkateak dioen bezala, jabetzan emanak eta gainontzeko etxebizitza libre guztiak bezala, espekulaziorako ateak parez-pare zabalduko dituztenak.

Ezin ahaztu, Lezokoa, Lur Zoruaren legea onartu aurreko orduetan presaka onartutako plana dela. Hain zuzen, bertan azaltzen diren oinarrizko arauak (eraikin berrien %60 babestutako izatea?) ez baititu betetzen, ez eta bete nahi. Honek izen bat du. Alegia, lege arauak ez errespetatzeko trikimailuak erabiltzea: iruzurra! ez legezkoa, bai ordea herritarrei eginikoa.

Zenbaki batzuk ere ematen ditu alkate jaunak. Guk baditugu geureak. Operazio urbanistiko honek utziko duen irabazi garbia 50 miloi euro baino gehiago. Legea bete beharrean, hau ez betetzeagatik herritarrok etxebizitza horiek erosten gastatu beharrekoaren aldea, 60 miloi eurotik gora. Legearen arabera herritarroi dagozkigun eta udalak ?lapurtu? nahi dizkigun etxe babestuak 418.

Bukatzeko, oinarrizkoa iruditzen zaigun galdera bat. Nola liteke etxebizitza duin baterako dugun eskubidea hain urratua egotea gaur egun eta administrazioa eskubide hori bermatzeko ahalegina eta inbertsioak egiten ibili beharrean, eskubide horren urraketa beretzat negozioa izatea? Gaztetasunaren inozokeria ote? Edo Peiokeria dirudi gehiago?

Salaketa honekin bat egin eta larunbatean goizeko 12:00etan Donostiako diputazioko eraikinaren aurrean egingo dugun kontzentraziora gonbidatzen zaitugu.

Jon Askasibar eta Ekaitz Bravo, Lezoko gazte talde baten izenean

Comments are closed.