1M0002ENTZUN

Maiatzak 1en atarian gaude. Aurtengoa, atzeraldi ekonomikoaren susperraldiaren urte ofiziala izango da. Datu makroekonomikoek noranzkoa aldatu duten urtea bezala plazaraziko dute, zenbaki gorrietatik atera omen ginen urtea. Hala ere, langileriak oraindik ez du ezer ospatzeko.

Ez dugu ezer ospatzeko, gezurra baita krisitik ateratzen ari garela. Langabeziaren datu gordinak, lan baldintza prekarioak, etxe-kaleratzeak, etengabeko murrizketa sozialak eta egunez egun pobrezian gehiago diren pertsonak adierazleak dira baieztatzeko langileria eta jendartea orohar ez garela krisitik atera.

Ez dugu ezer ospatzeko, azken urteotan gobernu desberdinek ezarri dituzten erreformen ondorioak biziki nabarmentzen ari baitira. Erreforma hauek ugazaberia oilartu dute legez kanpoko kaleratzeak egitera epaitegietan frogatzen ari den bezala. Erreforma hauek sistema publikoa zuzen-zuzenean erasotu dute, Osakidetzan, irrati publikoan edo LOMCE eta Herriberriren bidez diseinatzen ari diren hezkuntza-sisteman nabarmentzen den bezala, izaera kritikodun pertsonak trebatzeko helburutik urrunduz eta kohesio sozialarekin zeriusirik ez duen ideologia neoliberalaren barreiatzean tematzen direlarik.

Estatuak, ideologia neoliberal hau behar du ezinbestez, TTIP bezalako itunak ezartzeko; ingurumena, bertako merkataritza edo autogestioaren kontra egingo duen ideologia, inor matxinatu ez dadin. Eta matxinatuko bagina, gure ahotsak isilarazteko Mozal Legea dute. Neurri guzti hauek dakigun legez, ez dute gure ongizatea helburu, kapitalarena baizik.

Eta honela, susperraldiaren urte miresgarri honetan, ezarritako erreformek mileuristaren terminoa antigoaldu egin dute, 800 ?-ko soldatak 10 orduko lanaldiekin egitea utziz azken egunotan plazaratzen ari den moduan. Etxeko langileen kasuan egoera larriagoa da, zeinen lan- eta soldata-baldintzek esklabu egoeretara daramatzaten.

Maiatzak 1 honetan kaleak hartuko ditugu langileon erantzun-ahalmena handitzeko, borrokaren beharraren lekukotasuna egiteko egunez egun prekarizatuago dagoen mundu laboral eta sozialari erantzun gisa.

Krisi urte latz hauek garbi eta argi utzi digute sistema kapitalista eta heteropatriarkal honetan ez dagoela soluzio-biderik. Sistema kapitalista heteropatriarkal honek planetaren suntsiketa eta esplotazioa suspertzen ditu, generoen arteko desberdintasunean sustatzen da emakumeek egiten dituzten lan erreproduktiboak ikusezinak eginaz. Bista da sistema honek munduko ondasunen %50a duen biztanleriaren %1 horri bakarrik onurak ematen dizkiola.

Ondasun eta lan guztien banaketa erradikala aldarrikatzen jarraituko dugu, berdintasunezko jendarte justuago bat ekarriko duen banaketa, pertsona orori bizimodu duin bat bermatuko dion banaketa. Bizitza kontuan hartuko duen sistema bat behar dugu, bizitza eta ez merkatua ardatz nagusia izango duena, eta bizitzea mereziko duen bizimodu bat posible egingo duena.

Ez gaitzaten engaina, hau ez da krisi ekonomiko bat, zibilizazio-krisi bat da.

HAU DELA ETA, MAIATZAK 1 HONETAN KALEAK HARTUKO DITUGU BERRIRO ERE, lorpenak berez etortzen ez direlako, baizik eta borrokaren bidez lortzen direlako. Nahiz eta Maiatzak 1 honetan ez dugun ezer ospatzeko, kaleak hartuko ditugu borrokan darraigula jakin dezaten, gogorarazteko sistema kapitalista heteropatriarkalarekin amaituko duen borrokaren bidez etorkizuna duela langileria.

Horretan gabiltza eta horretan jarraituko dugu.

Gora langileon borroka.

ESK ? CGT-LKN ? STEILAS ? CNT ? CO.BAS ? GOT

1M0004

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude